XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. JENDAURREKO BERTSOLARIA Plazako kantariaren bertsogintza ez da, bertso-sorta buruan eta paperean osatzen duenaren bertsogintza astiroa.

Jendaurrean ari denak bapatean egingo ditu bertsoak, musika-doinuaren arabera taxutuko ditu esaerak, eta jende-talde baten aurrean hotsegingo ditu bere poemak.

Bertso-jartzaileak, berriz, behar den astiz osatzen ditu poemak, eta idazkiz finkaturik uzten.

Musika ere erabiltzen du gehienetan, baina ez du beharrezko berez.

Eta jendea, aldiz, hipotetikoa da, irudimenean daukana eta itsumustuan sentitzen duena, mila bidetatik etor dakiokeen irakurlea.

Bertsolaria zer artista-mota den jakiteko, hiru gauza batera dela esango genuke bera: poeta, kantaria eta hizlaria.

Hitz neurtuz baliatzen da, herri-poesiaren ildotik.

Musika erabiltzen du, doinua poemaren osagai eginik.

Eta hizlari baten gorputz-expresaera han du berekin, alderdi honek ere entzulegoan bere eragin nabaria duelarik.

Beraz, jendaurreko bertsolaritza herri-literaturaren mailako artegintza da, aipaturiko osagai hauetaz baliaturik mamitua.

Bertso-saioa egiteko era, askotan behintzat, elkarrizketan egina izan ohi da, ahotik ahora egindako talkan eta joalditan, inoiz apostuera ere hartzen duela saioak.

Apostuaren piper honek, adibidez txapelketa-giroan jokatzen denean, bizitasun handia ematen dio bertsogintzari.

Bestalde, banakako ariketa azkarrago agortzen da eta pattaltzen, gehienetan behintzat.

Baina agortuezina da biren edota gehiagoren arteko dema.

Izan ere giro biziko elkarrizketak dialektikaren sua pizten du, ideia argitsuak sortuz, alderdi berrien aberastasuna ekarriz.

Eta aipatzekoa da, baita ere, elkarren arteko lehiak bertsogintzari ematen dion ñabardura; giza indar gorenak sartzen dira jokoan, eta giroaren araberakoak dira joko hauetako poemak eta kantu saioak.

2. BAPATEKO IHARDUNAREN TEKNIKA Artelari batek, bere arte-lana bapatean egin behar duenean eta mugimenduzko arteez ari gaituzu batez ere lege jakinak izan ohi ditu langintza artistikoa osa dezan.

Doinu mutur bat oinarri harturik, bapatean kontzertu osoa eman behar duen organu-joleak adibidez, aldez aurretik erabaki beharra dauka gaia bere osoan nola izango den, zenbat zati emango dituen eta hauetako bakoitzak nolako garapena eta ñabardura musikalak izango dituen, eta abar.

Antzeko zerbait egin behar du bapatean ari behar duen hizlariak, hori gauza jakina da eta bidezkoa gainera.